OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  PARASMA

PARASMA METAL
PARASMA

PARASMA
"Parasma"
Sare metalizatuen eraginkortasuna areagotuz doa behin behineko espazioetan eta kokaguneetan. Sare metalizatuak bere gelditasunean mugikor bihurtzen dira bere nomadismoan. Bere etengabeko ibileran, trama berriak ehunduz doa parasma utopiko eta haserretua. Parasmak badaki zer duen amaraunaren azpian, eta badaki zer datorkion goitik, horregatik iraganak utzio dion memoria historikoa erabiliz, eguneroko zaztada pozoitsuaz baliatuko da makinaria zapaltzaileari aurre egiteko. Parasma metaliko ludita, "makina" suntsitzaile. Cyber-parasma metalikoa sare horizontalak eraikitzen ari da. Hanturak nabarmenduko zaizkie ierarkia eta botere gune guztiei. Zaztatu eta alde egin, sarearen alferrikako defentsa heroikoan erori baino lehen. Aitaren etxea ez da bakarra, anitza da. Tokiak eta denborak erabili eta bertan antzutu baino lehenago, aldatu.
Parasmak Lekeitioko hizkeran armiarma esan nahi du. Parasma ere, Lekeitioko boskote thrash-metalzalea da, eta Lekeitioko talderik ospetsuenaren bultzada eta laguntza jaso du. Ez nintzateke erratuko Parasma Etsaiak taldearen anaia txikiena dela esango banu.
Parasma 1998 sortu zen eta urte berean "Bizitzera beharturik" maketa argitaratu zuten euren kabuz eta baita, 1500 ale saldu ere. Maketa horren ildoak jorratzen dituzte taldearen izen bera ezarri dioten estreinako disko honetan. Soinuan eta hitzetan bortitzak, zuzeneko emanaldietan bezala. Soinu gogorrak dituzte gustuko, thrash-metala oinarri hartuta, death eta core pasarteak euren musika pozoitsuaren osagai bihurtu dituzte. Leize-zuloko ahots urratu eta lodiak gitarren abaila biziarekin nahasten dira. Ahotsen, baxuaren eta bateriaren soinu grabeek aurre egiten diete gitarra agudoei. Harriaren zama eta cutterraren zorroztasuna aldi berean. Diskoan zehar ere, tarte bitxiak entzuteko parada dugu; batzuetan, perkusioen indarrak ukitu etnikoa du ("Ez dakit"); besteetan, sampler-en eraginez teknoaren amildegira eramaten gaituzte ("Kaosmentala"). Lehen esan bezala, Etsaiak taldearen altzoan jaio eta hazitakoa da Parasma. Toki baterijoleak perkusioak eta ahotsak sartzen ditu Etsaiak-en zuzeneko emanaldietan. Diskoa Paul "Etsaiak" taldekoak grabatu eta nahastu du bere estudioetan, Lekeitio ondoan dagoen Amorotoko Musikorta estudioetan 2001eko abuztua eta irailean. Keu "Etsaiak" punteoak sartzen ibili zen ("Irabaziko dugu"). Beste laguntzaile batzuk ere izan ditu Parasmak disko hau grabatzeko; besteak beste: Aner Brutal Melody taldekoaren ahots gordin eta krudelak ("Herri zaharren mendekua"), Aitor pLT tekno kutsuko abestian teklak jotzen aritu da. Diseinua Dani Brigada Slam-ek egin du. Beste perkusio batzuk Axularrek sartu ditu. Diskoak hamabi kantu ditu, horietako bat instrumentala.
Hitzetan ez dago bakerik. Horietako zazpi Txilito idazle lekeitiarrak idatzi ditu eta gero Parasmak moldatu, gainontzekoak taldean sortutakoak dira. Hitz zuzenak, arazoei izkin egin gabe. Errespetua nori diete zor, eurenganako errespeturik ez bada? Ez diote euren buruari mugarik jartzen. Konplizitaterik eta begirunerik gabe doaz aitzina.
Parasma sare metalizatuan pozoi zaztatzailea astintzeko prest.
Ursus: ahotsa
Malax: gitarra
Fhlasito: gitarra
Manu: baxua
Toki: bateria, perkusioak eta ahotsak
Ñako: zuzeneko teknikoa eta harremanak.

ritxi aizpuru.

PARASMA
"Ekaitzik gabeko bakerik?"
Egun indarrean dagoen giza ordena eta beronen etika, morala eta gainontzeko bizitza indarraren aginduz betetzera derrigortzen gaituzte. Indarkeriazaleen gizarte hau bakearen aurpegiarekin saldu nahi izan digute, gerra bakearen ordez. Bakezale amorratuena, bere amorruan, indarkeriaz josita dago. Inoiz ez du bakeak gerra irudi garbiagorik izan. Agian, izan daiteke euren bakea inoiz ez delako existitu. Giza harremanak menpekotasunaren aldaretik eraikita daudenean, zatiketa du eguneroko bizimodu. Indarrean dagoena ez da hala, gizartea beti horrelakoa izan delako. Indarrean dagoena indarrak jarri duenetik baino ez dago, botere harremana bezala. Indarraren bakean garrantzitsuena ez da bakea, indarra baizik. Zein ekaitzek aldaraziko du euren bakea? Bizitzak ihes egiten digu. Gure desioak, gure amorruak eta gure ahuleziak dira haientzako ekaitz.
Parasma ekaitzez bor-borka dator. Lehenaren ostean bigarren hau dator. Aurreko lana "Parasma" (Oihuka) 2000an argitaratu zen. Maketa eta hasierako kontzertuak dagoeneko urruti daude, oraingo bigarrenaren tontorretik begiratuko bagenu. Baina ez dira ahaztu behar hasierak, jatorriak eta jasotako laguntzak. Herriaren eragin izugarria izan du Parasmak; Lekeitiok beti nabarmendu izan du izaera horretan.
"Ekaitzik gabeko bakerik?" diskoak, hasiera guztietako urduritasunak markatzen duen abiadura galdu ez arren, lasaitasunean oinarritutako abiadura lortzen du. Diskoa bortitza da. Agian "bake" garai hauetan gauza bortitzez hitz egitea zinez eta benaz debekatua badago ere, Lekeitiokoen bigarren diskoa oso da indartsua. Thrasha abailarekin nahasten denean, halakoxeak dira emaitzak. Metala, thrasha, corea. Musika potentea, egur handikoa. Sutara gasolina botako balitz bezala, eztanda bat-batekoa da. Ziztu bizian eraldatzen da dena goitik behera. Soinuaren indarrak, porlan armatuzko oinarri sendoak, marmol beltzezko soinu zutabeak, parerik gabeko harmaila eraikitzera daramate. Abiadura gitarren thrash zartadez bizkortzen da. Erdi Aroko harresi bilakatu dira ateratzen diren soinuak. Gerlariek muinetaraino defendatu eta erasoa jotzen duten bezala, horrela urratzen dira ahotsak, eztarriko bozez, herdoil izpirik gabeko metal zilarreztatua, diz-diz txikienak begiak ixtera derrigortzen duena. Hitzak ere tankera horretakoak dira. Ez dago herdoilik. Dena dago prest, zorrotz, gertu. Musika bezain indartsuak dira, eufemismorik gabe. Gizartearen argazki argia, argazki-azalak adierazten duen bezalakoxea.
Diskoa 2003ko otsailean eta martxoan zehar grabatu da. Musika oinarriak (bateria eta baxua) Paul "Etsaiak"ek grabatu ditu Amorotoko Musikorta estudioetan, gainontzekoa Jean Phocasek egin du Donostiako Elkarlanean estudioetan. Produkzioa Jean eta
Ñakoren artean egin dute. Diskoan beste laguntza batzuk ere jaso ditu Parasmak. Keu "Etsaiak"ek bi gitarra sartu ditu "Gezurti" eta "Hiria txiki gelditzen zait" abestietan. Juanito Sangrek "Ekon" singleko "Itsaso beltzak" abestian parte hartzen du ahotsarekin. Saloa "Kokein" ahotsa, "Emakumea" abestian. Aitor "PLT" tekletan, "Emakumea", "Noiz arte", "Itxi begiak" eta "Itsaso beltzak" kantetan. Jose Tejedorrek gaita jo du "Itsaso beltzak" abestian. Hitzetan Txili eta Asier Serrano izan dituzte laguntzaile.
"Ekaitzik gabeko bakerik?" sendotasun eraginkorreko diskoa da. Giza desordenaren pasioa duenak beti dauka zerbait egiteko. Nahikoa al da, ordea? Harmailu kolpez osatutako ekaitza.

ritxi aizpuru (2003ko maiatzaren 6-a)
Ursus: ahotsa
Malax: gitarra
Flashito: gitarra
Mamu: baxua
Toki: bateria eta koroak
Ñako: zuzeneko teknikaria eta harremanak


http://www.parasma.com

 Taldearen diskoak
· EKAITZIK GABEKO BAKERIK?
· PARASMA