OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  NAHI TA NAHIEZ

NAHI TA NAHIEZ ROCK-JAIA
NAHI TA NAHIEZ

NAHI TA NAHIEZ
"Plazaolaren martxa"
Nahi Ta Nahiez 1992ko udan hasten da lehenbiziko urratsak ematen eta gaur arte hor diraute taldea gorpuzten eta sendotzen, Aralarko magalean, begirada Baztanen utzia.
Abiadura handiko jendeaz dago osatua. Nahiz eta gazte hasi (15, 16 urte) bide luze eta zabala moldatzen dabiltza. 1993an bi deialdi nagusirekin egin zuten topo; hots, Nafarroako Pop-Rock lehiaketan finalera iritsi ziren eta Nafarroa Oinez-en jo zuten. 1994. urtea erabat onuragarria izan da (Nafarroako Pop-Rock, Herri Urrats, Nafarroa Oinez). Kanta berri martxosoak konposatu berriro plazaratzeko, grabaketa estudiora ongi landurik hurbildu eta horren ispilu dira bi maketa eta "Plazaolaren martxa" izeneko diskoa. Lan hau hasiera batean beraien ardurapean eman zuten argitara apirilean eta orain Oihukak hartu du bere gain. 1995eko uda oparoa joan zaie, astero jaialdia izan dutelarik, Nafarroako mugak hautsiz.
Nahi Ta Nahiez taldearen musika rock-ean kokatuko genuke, baina keinu desberdinak egiten dizkiote reggaeari, heavyari, popari. Musika herrikoia, zuzena, iradokikorra, berritsua, emankorra eta batez ere alaia eta festa girokoa, hitz garbi eta gogorrez hornitua batzuetan, nahiz eta maitasunari egin tartetxoa, honen lekuko dugu reggae erritmoaz landutako "Lau teilatu", Itoiz-i egin dioten bertsio liluragarria.
Hamar kantuk bilakatzen dute martxa eta jaia, desioa eta indar leuna. Maitekiro, derrigorrez.

NAHI TA NAHIEZ
"Basurdearen orrua"
Derrigortasunaren poderioz, edo hobeto esanda, norberarengan sinesmen handia jartzen denean, pentsaturiko ideia zail horiek aurrera ateratzeko gai izaten gara. Ez beti, ere, aitortu beharra dago. Ezin da dastatu beti gozokia, batzuetan bihurtzen baita gazigozoa.
Nahi Ta Nahiez taldearen historia ez da batere bide erraz eta lasaitik joan. Tartean izan dira abagune deserosoak, baita zangotrabak ere. Horiek guztiak ordea, medioak izan dira helburura hurbiltzeko: ongi pasatzea musika eginez. Nahita ez burutu behar omen zuten bai taldea zein diskoa. Sasi guztien gainetik. Estreinako urratsa 1995eko maiatzean, duela urte eta erdi eman zuten Lekunberriko gazte hauek, "Plazaolaren martxa" diskoarekin. Besteak beste, Itoizen "Lau Teilatu"ren bertsio reggae-a osatu zuten "Teilatuan reggae"rekin. Eta pitin bat ezagunagoak egin ziren. Azken urteotako Nafarroa Oinezetan esku hartu dute, aurtengoan eurek konposatutako "Herriko lore" kanta izan da Nafarroa Oinezi aurpegia jarri diona. Astero han-hemen ibili dira zuzeneko emanaldiekin: hala eta guztiz ere, udan geldialdia egin zuten orain aurkezten dizuegun "Basurdearen orrua" grabatzeko Oihukarentzat Donostiako Elkar estudioetan Cesar Ibarretxeren aginduetara.
Basurdea zain duzu, edozein sasiren atzealdean, disko hau bezalaxe. Egon adi, festa hasi da basurdearen basakeriarekin. Denetarik dauka-eta diskoak. Bi hitzetan laburbildu behar izango bagenu, "jai-rocka" esango genuke. Kanta xumeak, errazak, sarkorrak, batzuk maitasunezkoak, eta gehienak aizkora zastatzeko prest, errebeldiari unea emanez. Eta beste guztiak hor dituzu, ez nolanahi. Gitarreroa atera da diskoa, jaiari abiapuntua emateko. Cd-an, batek daki non, izkutatua utzi dugu kantu akustiko bat, bikotean abestua. Dena azukre beltza, disko osoa bezalaxe.
Historia irakur dezakeen edonork, gutxienezko zentzuna baldin badauka bederen, badaki mundua uneoro akabatzen dena, baita uneoro mundua jaiotzen dena ere. Basurdea bezala.

NAHI TA NAHIEZ "Selekxion"
Bi urte iraun du Nahi Ta Nahiez taldeak ixilik "Basurdearen orrua" argitaratu ondoren. Atzean geratu dira taldeak jasandako aldaketak (Gorka eta Aitor beste proiektu batean murgildu ziren, Berri Txarrak. Jabik bere baxua oraingoz aparkaturik utzi du) eta taldekide berriek bikain hartu eta barneratu dute zer nolako taldea den Nahi Ta Nahiez. Yon eta Titoren gidaritzapean hausturarik ez da sortu eta horren lekuko garbia euren hirugarren lana dugu. "Selekxion" izenburua jarri diote. Doinuen eta hitzen selekzioa. Bai musika, zein politika, zein kirol mailako Euskal Herriko Selekzioa.
"Selekxion" diskoa pausatuagoa da, aurreko abiadura handiak eta pasarte gordinak landuagoak sentitzen ditut, jai giroari tarte gehiago utzi zaiola esan nahi du horrek. Rocka da nagusiki, gitarra goxoekin eta lelo erakargarriekin, baina reggae ska, metala eta balada samurrek ere osatzen dute diskoa. Berriro errepikatu behar bada ere, "rock jaia" barruan sartuko nuke diskoa, alaitasuna, jatortasuna, konpromezua eta sentiberatasuna lantzen dituelako.
Diskoa egiteko bere gorabeherak izan genituen. Titok besoa apurtu zuen gitarrak grabatzeko geundenean eta honen ondorioz luzatu egin da denboran diskoaren kaleratzea. Elkarlanean estudioetan grabatu eta nahastu du Haritz Harreguyk Nahi Ta Nahiezen laguntzarekin. Unai Ormaetxeak "Biak bat", "Nirekin etorri" eta "Euskadiko selekzioa" idatzi ditu. Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) "Justizia falta" idatzi du eta Jon Agirrek "Zinez maitatzen minez". Arantxa Saigosek hitz guztietan kolaboratu du.
Kantuen nondik norakoa labur-labur:
"Euskadiko Selekzioa". Aztarna poperoak nahasturik dauzkagu rockaren indarrarekin, gitarrei Mark Knoffler-en antza hartu diet batzuetan eta leloak eztandagarriak dira. Hitzak Euskal Herriko selekzioaren behar politikoa zein kirol mailakoa aldarrikatzen du.
"Adierazpen askatasuna". Kantu goxoa, jai ingurukoa. Rock amorratua. Euskal Herriaren nortasunaren alde egiten du.
"Justizia falta". Kanturik gogorrena, metal arlokoa. Preso politikoen arazoaz mintzo da.
"Txinparta" eta "Agur" reggae eta ska borobilak dira, gainera tratamendu berezia lortu nahi izan da soinuari dagokionez. Sakontasuna eta patxada.
"Biak bat" eta "Zinez maitatzen minez" azukre koxkorrak dira. Hurbil-hurbil dantzatzeko baladak.
"Barrutik" eta "Nirekin etorri" festan ibiltzeko doinu aproposak, rockeroak.
"Mus" kantua bertsioa da eta alaitasuna dario bazter guztietatik.
"Plazaolaren martxa" 1995.- // "Basurdearen orrua" 1996.- // "Selekxion" 1998.-

Tito: Gitarrak eta ahotsak
Kote: Baxua eta ahotsak
Fatima: Teklak eta ahotsak
Tenorio: Bateria
Yon: Ahotsa

ritxi aizpuru.

 Taldearen diskoak
· PLAZAOLAREN MARTXA!!
· BASURDEAREN ORRUA
· SELEKXION