OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  LABRIT

LABRIT ROCK-POP
LABRIT

LABRIT
"Paradisua"
Soilik susmoa dut, eta pozik jartzekoa badela ere uste dut. Orain arte Euskal Herriko musikagintzako diskoetan ez zitzaigun inoiz horren garden azaldu euskaraz egindako pop musika. Indar handiz dator eta ateak parez pare irekitzea baino ez daukagu, jabetu behar dugunaz jabetu eta ohartzeko. Baina, esandakoa, soilik susmoa dut.
Euskal Herriko pop musikaren atalak (berriak?) jantzi nahi ditu Labritek. Labrit hogeita bi urteko Usurbilgo neska dugu. Gazte-gaztetik sartu zitzaion musikarekiko grina. Etxean ere bazuen norengandik ikusi eta ikasi, gurasoak musika eta artean murgildutakoak baitira, ama kantaria (Amaia Kasasola) eta aita pintorea (Arrastalu). Iragan urteetan hasiera batean gitarraren laguntzaz osatutako melodia sarkorrak "Paradisua" izeneko estraineko lan honetan diskoratu ditu Labrit kantariak. Kantu horiek ahalik eta egokien hornitzeko eta apaintzeko Pascal Gaigne musikariaren moldaketaz eta ekoizpenaz baliatu da Labrit. "Paradisua" lana Labriten bakarkako diskoa da, baina izugarrizko taldea izan du grabaketa saioetan eta musikari berak izango ditu inguruan zuzenean eskainiko dituen emanaldietan ere; hauexek dira musikariak, besteak beste: Ritxi Salaberria (Sorotan Bele ohia) baxuan, Jimmy Arrabit (Itoiz ohia eta King Mafrundi ohia) bateria, Erra Oiartzabal teklatuetan eta Pascal Gaigne gitarran. Karlos Zabalak (Labriten anaia) hiru abestitan gitarra soloak sartu ditu.
Pop kantu errazak, entzulearekin berehala uztartzen diren horietakoak eskaintzen dizkigu Labritek, baina berezitasun aipagarri baten laguntzaz: izugarrizko trebezia eta dohaina du bere ahotsean, eztarri paregabea Euskal Herriko kantugintzan, oso emankorra, goxoa, lasaia, melodia ederki biribiltzen duen horietakoa. Derrigorrez, ahots honek eta kantu hauek harrapatuko zaituzte, beren sentipenaren poderioz.
Hitzei erreparatuko bagenie, bi motatakoak azaltzen zaizkigu. Alde batetik maitasun abestiak, bere delikadezia eta samurtasun guztiarekin, eta bestetik ekologiko-mitikoak, naturarekiko bizitza zintzoagoa aldarrikatuz. Hitz guztiak Labritenak dira, "Ekaitzaldi gogorrari" abestia izan ezik, hau Sabin Muniategirena baita.
Elkarlanean estudioetan grabatu da 2000ko apirilean eta Cesar Ibarretxe izan da soinu teknikaria. Azala eta diseinua Joxe Mari Zabalak burutu ditu.
Labrit zerutik eroritako azukre koskorra da. Dastatu, eta bere munduak erakarriko zaitu beste erremediorik gabe. Ongi bizi "Paradisuan".

LABRIT
"Nori egin so!"
Desirak bilatzen du bizitza aldatzeko nahia; edo beste era batera esanda, bizitza bera aldatzeko nahia ulertu ez ezik, bada irizpide bat, bakarra zeinarekin gure konplizeak bilatzen ditugun. Eta honek berdin balio du koherentzia premia deritzonarentzako. Berezko bizitzeko nahia eta bizitza beretik abiatuta desira horien pizgarritasunari egiten zaio so.
Labriten munduak osagai horiekin jokatzen du etengabe. Bere hitzetan, bere kantetan desirek, bizitzak, askatasunak eta izateak izugarrizko indarra hartzen dute. Bizitzaren borroka horretan dihardu "Nori egin so!" diskoan.
Labrit bera itzuli zaigu, baina Labrit desberdin baten aurrean gaude. Hau horrela esanda, eta hotzean hartuta, Pernandoren egiatzat eman daiteke. Baina ez. Labritek utzi digun bigarren disko honetan aurrekoak erakusten ziguna baieztatu digu eta ausardia izan du beste doinu batzuen bila joateko. Doinuen munduak zeharkatu ditu eta bere ahotsa gehiago nabarmenduko zaigu bere apaltasunean.
Labrit hogeita lau urteko Usurbilgo neska dugu. Bakarlaria, abeslaria baina taldearen babes handiarekin, orain inoiz baino gehiago. Babes horretan -heldutasunerako bidean- utzi ditu disko honetako hamar abestiak. Diskoa egiteko taldekide berriak bilatu ditu eta horren eragina da abestien janzkera berria. Pop musikari indar pixkat gaineratu dio eta pop-rockaren eremura iritsi da. Dena den, diskoak bi abiadura ditu. Hasiera indartsua du, erritmo bizikoa, Labrit berri baten adierazle. Sonoridade desberdina. Pop-rocka, reggaea, funkya eta erritmo latinoak datoz bata bestearen atzetik. Badago sosegurako tartea ere. Labrit lasaia, goxoa, leuna eta pausatua. Baina bi aldeen lotura bere ahotsak dakar. Diskoaren lokarria, inolako zalantzarik gabe, bere ahotsean datza. Edozein doinu duela lagun, horren gainetik ahotsa nabarmentzen da, disko honetako lanik sendoena hor eman baita. Oinarri sendo bati nola uztartu ahots zoragarri bat, baina berau mitifikatu gabe. Ez da ahotsaren erakustaldirik egin nahi izan, doinuetan nahastu da eta hor bertan egokitzen da.
"Nori egin so!" diskorako taldekide berriak aukeratu ditu Labritek, lehen esan bezala. Produkzio lana Kandi Fernandezen esku joan da eta honek izugarrizko lasaitasuna eman dio Labriti . Kandi, eskarmentu handiko musikaria da (Baldin Bada, Minxoriak, Sustraia...) eta taldea eta beronen soinua osatzeko lan bikaina egin du, teklak jotzeaz gain. Gitarrajolea Dani Riaño dugu (Baldin Bada) eta honen eskutik datozkigu reggae abestiak. Baxuan Juanjo Falcon dago (Sonora Candela, Momau...) Jimi Arrabit bateriarekin (Itoiz...) bikain konpontzen dena. Era honetara Labrit askeago bat sumatzen da, eta hau disko osoaren irudia eta isla baino ez da. Doinuek eta ahotsak txunditu egiten dute entzulea eta sekretua Labriten jardueran dago. Uztarrian eta eztarrian. Xume baina trinko.
Abesti guztiak Labritenak dira eta hiru Danirekin batera osatu ditu. Hitzen aldetik, bi mailegu. Bi poeta. "Euskarari bai" Sabin Muniategi eta "Maitasun gauetan laztanak bezala" Jose Luis Otamendik idatzitakoak dira.
"Nori egin so!" 2001eko irailean grabatu zuen Cesar Ibarretxek Elkarlanean estudioetan, eta nahasketak eta produkzioa urrian egin dituzte Kandik eta Ibarretxek.
Alde batetik existitzen dena dago, bere ohitura eta ziurtasunarekin. Eta ziurtasunez, giza pozoi hau eroriko da. Beste aldetik, ezezaguna dago, guztion bizitzan bat-batean sartzen dena. Askatasunaren neurriz gaineko jardueraren hasiera. Labriten jarduera? Labriten ahotsa. Babeslekua. Pasioa.

ritxi aizpuru.

 Taldearen diskoak
· PARADISUAN
· NORI EGIN SO !