OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  KAOTIKO

KAOTIKO PUNK
KAOTIKO

KAOTIKO
"Mundo Kaotiko"
Zurrunbiloaren erdian, pasioaren logikan, desioaren ukapenean, ordenaren antolakuntzan, kultura degeneratiboen garaian, zibilizazioaren boterean, kontrolaren oinarrietan eta geroaldi sintetikoaren nostalgia nahietan askatzen dira moralitate eta etika menperatzaileen aurkako ekimenak. Horiek kaosak dira. Tokirik gabeko tokiak, egunerokotasunaren babes ederrean jarduera irudimentsua ematen diote bizitzari, eta bertan sortzen da kaosa eta arriskuarekin batera sortzeko aukera dator eta dakar. Kaosetik bizitza horizontalagoa datorkigu. Kaotikota-
sunetik bultzatzen den jarrera honela labur daiteke: bila ezazu zeure bizitza, eta ez bizitzeko era.
Kaotikok esaera honi heldu dio biziki; musika eta taldea ez dute bizi-modu eta bizitzeko era egin. Musika bera bizi dute, eta bizitza bera. 2000ko uztailean, hiru taldekidek bizitza eman zioten Kaotiko taldeari, Kaos Etíliko taldetik bereiztu ondoren, Aguayo eta Aguayiko anaiek gitarrak astintzen dituzte eta Fontak baxuari ematen dio. Gero, beste bi lagun bilatu dituzte: Xabi baterijolea eta Jon abeslaria. Hogei eta hogeita bi urte bitartean dituzte, baina eskarmentu handiena duenak hogeita zortzi ditu. Aguayo Desterrados taldean aritu zen aurretiaz; gero, ordea, buru-belarri sartu zen Kaos Etílikoaren proiektuan. Hauen bigarren lanean esku hartu ondoren taldea zatitu egin zen eta hor sortu zen Kaotiko. Aguraingo taldea dugu Kaotiko, nahiz eta Xabi Etxarri Aranazkoa izan eta Jon Gasteizkoa.
Kaotiko Aguraingo Eskolakoa da; hots La Polla taldeak jorratutako bideari eusten diote, musika aldetik zein pertsona aldetik. La Pollaren jarrerak erabat markatu ditu belaunaldi desberdinak, eta oraindik bizirik darrai jokamolde horrek, zeinari, hemen eta orain, Aguraingo Eskola bezala izendatzea ez litzatekeen pellokeria.
Rock-punkaren jiteak arakatzen dira Kaotikoren estreinako "Mundo Kaotiko" diskoan. Abesti laburrak, arinak, azkarrak, lelo sarkorrekin. Gitarrak abiapuntua jarri eta ahotsak rock-punk festa girora garamatza. Sekreturik bada, hor datza, lelo erraz eta sarkorretan eta testu egokietan, kaletik hurbil dauden horietakoetan. Jarrera leloetan, jarrera musikan, jarrera koroetan. Sekretua hori bada, edonork egin lezake baina gauza sinpleak zailenak gertatzen dira. Aguraingo Eskola alde guztietatik susmatzen da. La Pollaren ukitua hor dago. Gainera La Polla-ko Evaristo berak parte hartu du diskoan, koroetan ahotsa jarriz eta testu guztiak idatziz. Sendotasuna, indarra, lasaitasuna dakarkio honek taldeari: eta Jon abeslariaren lehenengo lana izateko, ez dago batere txarto. Bilakaera ederra antzematen zaio talde osoari. Nahi izatea ahal izatea omen.
Lan bikaina erdietsi dute Garate estudioetan. 2001eko apirilaren 23tik, maiatzaren 19ra. Kaki Arkarazo eta Haritz Harreguy izan dira teknikariak eta Trikuk (Korroskada-ohia) biribildu ditu produkzioa eta moldaketak, baina aurretik entseiu-lokaletan ordu mordoska sartuz.
Singleak, hit-ak eta batez ere leloak erreskadan aurkezten dituzte Aguraingo Eskolako kide hauek. Kaotiko bizirik dago, bizi nahi du.


Aguayo: gitarra
Fonta: baxua
Aguayiko: gitarra
Xabi: bateria
Jon: ahotsa

ritxi aizpuru.

KAOTIKO
"Raska y pierde"

Galtzaile huts hotsak baino ez gara. Boterearen "errekuperazio" lana nonahi eta noiznahi ematen da. Irabazten goazela dirudienean ere, gerri-joko mugimendu ikustezin batez berriro izkin egiten digute. Baina ez dedila, nahiz eta galtzaileak izatera derrigortuak garen, derrotismoan erori gure ekimen diskontinuoa. Tokian tokiko hondar txikienak beste hondar txikiak ditu alboan, bata bestearen babesean sentiarazi behar dugu. Hitz apurrekin kontakizun irekiak eta taldezaleak eginez komunikazio zuzenaren itzalean ibiliko gara. Doinuak eta leloak ahoz-aho zabalduko dira etengabe eta kantu horiekin eta horietan eramango dugu gure jarreraren tanta orobustitzailea. Tanta horiek atera, batu, banatu, aireratu eta bizitzeko duintasuna irabazi. Beti galtzaile, beti duin. Baina arerioaren aurpegia inoiz ahaztu gabe, nahiz eta zalantzaz beteta egongo garen maiz. Etorriko zaigu erantzunaren zentzua, jarrera galtzeke.
Estreinako diskoaren ziztadak pozoi handia zeraman kantuetan. "Mundo Kaotiko"rekin Euskal Herrian ezezik espainiar estatuan kontzertuen kopuruak gora egin zuen nabarmenki eta salmentek antzeko norabidea hartu zuten, baita frantziar estatuan ere. Poztekoa lehen ahalegin hori. Bigarren diskoak, normalki, deserosoakoak izan ohi dira beti entzule zein taldearentzat berarentzat ere. Kantuek gehiago sufritzen dute sorkuntzaren urduritasuna eta leloak ez dira horren garbi eta azkar ateratzen burutik. Kaotikoren bigarren diskoa "Raska y pierde" pletorikoa da, gainezka egiten du. Bete-betean asmatu dute kantuak osatzean eta ez dago betelanik. Disko gehienetan kanturen batek besteak baino gehiago adierazten digu. "Raska y pierde"n maila goren horretan kantu asko jar ditzakegu, diskoan, era horretan, maila bikain-bikaina emanez. Punk-rockaren espirituarekin eta jarrerarekin egindako diskoa da. Abesti laburrak, azkarra. Desbideraketarik gabe. Ogia bezain argiak eta ogiak beste zatirekin. Alde batean mamia (gitarraren indar eskergaitza) eta bestetik, mami hori biltzen duen azala (ahotsa eta leloen paroxismo koloretsua). Kantuen abiapuntua leloetan dago, oinarri horren inguruan eraiki da beti Kaotikoren estrategia musikala. Ia ez dago etenik kantuen artean eta gainera askotan kateiaturik datoz. Ramones taldeari keinu pare bat egiten zaizkio eta erraz entzuten dira. "Visto lo visto" abestia lemaniako Walter Elf taldearen kantu batean oinarrituta dago. Hitzak La Polla taldeko Evaristok idatzi ditu Kaotikoren ideietatik abiatuz. Diskoko esaldi bakoitzak mundu bat adierazten du. Evaristok aforismorako daukan erreztasuna izugarria da. Sloganez beteta dago diskoa, esaldi bakoitzean laburtzen ditu pentsakizun pilo bat. Bikaina da. Aurreprodukzioa eta produkzio lanak Trikuk egin ditu aurreko diskoan bezala. Lan eskerga eta bisten geratu dena ikusita zer nolako maila dukan "Raska y pierde"k. Akelarreko Juanparen koroak eta Evaristorenak ederki biribiltzen dute diskoa. "Raska y pierde" 2003ko otsailean dago grabatuta Elkar estudioetan Cesar Ibarretxe soinu teknikariarekin.
Kaotiko Agurainen sortu zen 2000. urtean Kaos Etilikoren errautsetatik. Filosofia berarekin segitu dute eta "Raska y pierde"k galduko gaitu bere edertasunean.
ritxi aizpuru (2003ko apirila)

Kaotiko:
Fonta: baxua
Aguayo: gitarra
Xabi: bateria
Aguayiko: gitarra
Jon: ahotsa


http://www.kaotiko.com

 Taldearen diskoak
· ADRENALINA
· RASKA Y PIERDE
· MUNDO KAOTIKO