OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  IDI BIHOTZ

IDI BIHOTZ METAL
IDI BIHOTZ

ODOLA SUTAN

Idi Bihotz taldeak heavya eta metala ongi uztartu ditu bere ibilera luzean, 1996an sortu zen. Idi Bihotz taldeak ez du izan gora behera handiegirik; beti kokatu izan du bere musika metal melodikoan, Alemaniako metalean eta power metalean, non ahotsen melodiek zuten protagonismoa teklen koltxoiekin batera, gitarren nortasuna estali gabe. Hiru osagai horiei erantsi behar dieguna da zer nolako abiadura eta indarra eman. Emaitzak abiaduraren eta indarraren araberakoak izango dira. Gauza horiek guztiak kontuan harturik atera dira Idi Bihotz taldearen lehenengo lau diskoak. Bostgarrenak ez dio kale egin Idi Bihotz taldearen, ez bihotzari, ez buruari, ezta arimari ere.
Idi Bihotz taldearen "Odola sutan" bostgarren diskoak indarrari eta kañari eman dio garrantzia, baina sahiestu gabe betiko melodien txukuntasuna eta kuttuntasuna. Abiadura galdu gabe, kolpe bakoitzaren indarra bete eta aizkorakada bakoitzean ezpal handiagoa atera. Teklak ezabatu egin dira eta haiek ordezkatzeko beste gitarrajotzaile berri bat sartu da taldean: Pekkory. Idi Bihotz taldearen birmoldaketa honek ekarri dion ondorioa lehen aipatu dugun indar "egurzalea" da. Baina badu, nabarmen gainera, puntu desberdin eta handi bat diskoaren hondarreko balada abestiak ("Argia amatatu arte"). Balada horrek berak bakarrik disko osoa balio du. Bere goxotasunean duen "egurra" eta indarra maila gorenera igotzen du abestia. Bi laguntzaile. Bi luxu. Bi musikari. Maite Itoiz nafar sopranoa ahotsean eta John Kelly (Kelly Familly ospetsuko taldekidea, milaka eta milaka disko saldutakoa mundu osoan zehar) teklatuetan. Aria baten sakontasun boteretsuaz konpondua, diskoari maila gorena atxekitzen dio.
Idi Bihotz taldearen "Odola sutan" Elkar estudioan grabatu da 2005eko iraila eta urrian zehar. Haritz Harreguyk segitzen du, aurreko diskoetan bezala, ekoizpenaren eta nahasketen arduradun. Cesar Ibarretxe eta Jean Phocas izan dira soinu teknikariak. Testuei dagokionez, izenburuari begiradatxoa botata konturatuko gara gogortsu datorrela taldea. Musikari eman dio indarra eta beste horrenbeste egin du hitzekin. Metaforak eta atmosferak galtzeke, gauzak zuzenago eta bortitzago esan dituzte. Erre hizki indartsurik gabeko lehen izenburua du bostgarrenak: Odola sutan.

1.- Soinu gogorragoa du orain Idi Bihotz taldeak?
Nik uste dut berreskuratu dugula "Negarraren amorrua" hirugarren diskoko indarra. Laugarrenarekin ("Amaigabe berria") beste estilo batean murgildu ginen, koru erraldoiak, abiadura handia eta teklatuek kantuen koltxoiak betetzen, power metala esaten dena. Disko honetan agian atera zaigu soinu kañeroagoa, agian kantuak horrela eskatzen zigutelako; honekin ez dugu esaten gure betiko estiloa baztertu dugunik, disko hau Idi Bihotz peto-petoa da hasieratik bukaerera, baina mala ostiaz egina. Hiru urte ezer atera gabe egon gara Idi Bihotz taldearekin eta denetik entzun dugu, zurrumurru asko egon dira, taldea desagertuta zegoela eta abar. Hau errebalida da guretzako esateko erabat bizirik gaudela!!!
2.- Bostgarrenarekin "Odola sutan" jarri zaizue? Zergatik?
Esan dizudanagatik gauza batzuen artean, beste mundu bat ezagutu dugu beste Flyin´ Freak proiektuarekin, beste motatako kontzertuak, beste jende bat, eta gauza bat argi dugu: guk segituko dugu egiten metal musika eta mundu honetan jarraitu nahi dugu ahalik eta jende gehienengana heltzen. Odola sutan jartzen zaigu egunkariak irakurtzean edo telebista ikustean eta sentitzen dugu ezin dugula ezer egin.
3.- Izugarrizko laguntzaileak izan dituzue, besteak beste Maite Itoiz sopranoa eta Kelly Family taldeko John Kelly. Nolatan?
Maite eta John aspalditik ditugu ezagunak, gainera Maitek Flyin´ Freak taldearekin hartu zuen parte; lan horretan koruak eta ahots bat sartu zituen, sopranoarena. Disko honetan, ordea, orkestra konponketak sartzeaz gain, koruak ere sartu ditu. Bere estudioan grabatu dugu eta berak produzitu, nahastu eta konpondu digu kantua. Kriston lana egin du, izugarria, beste ikuspuntu bat eman dio abestiari. Johnek gitarra akustikoa sartu du. Asko ikasi dugu beraiekin, eta ez bakarrik musikari bezala, giza aldetik ere ikasgai garrantzitsua eman digute. John, Kelly Family taldean ibili zen, eta oraindik Alemanian oso ezaguna bada ere, gu lagun bezala tratatu gaitu.
ritxi aizpuru (2005eko abenduaren 2an)
Herriaren taupada (Oihuka 1998) Albaro: bateria
Arimaerratu (Oihuka 1999) Pekkory: gitarra eta koruak
Negarraren amorrua (Oihuka 2000) Gorka: gitarra eta koruak
Infernuaren azken hauspoan. VHS (Oihuka 2000) Iban: baxua
Amaigabe berria (Oihuka 2003) Mikel: ahotsa eta gitarra



ARIMAERRATU

Arimak lur azalera ateratzen direnean eskari edo erreklamazio bat egitera, argi, hodei, itzal, konkor beltz edo zarata arraroen bidez ematen dira.ezagutzera eta aditzera. Era horretara azaltzen den arimari hainbat ezizen jarri zaizkio: "Argi" Lapurdi eta Nafarroan, "Hotsegile" Zuberoan, "Izuargi" eta "Izugarri" Ataunen, "Gerixeri" Bizkaian. Hala eta guztiz ere, izen erabiliena "Arimaerratu" da. Joxemiel Barandiaranek horrela zioen "Mitologia Vasca" liburuan. "Arimaerratu"k baditu beste adiera batzuk ere. Purgatoriotik datorren arima da "Arimaerratu" eta bizitzan zehar egin gabe utzitako gauzak burutzera edo horiek konpontzera datorrena.
Ez du ibilbide luzeegia Idi Bihotz taldeak, Bilbon batu ziren 1996ko udan. Urte berean Neguriko rock lehiaketa irabazi zuten eta Carlos Creatorren estudioetan sartu ziren maketa grabatzera. Maketa horri berrikuntza, atonketa eta ekoizpen berriak egin zitzaizkion 1997ko udazkenean eta urte bereko azaroan kaleratu zuen Oihuka disketxeak Idi Bihotz taldearen lehenbiziko lana, "Herriaren taupada" izenburuarekin. Metal freskoa, heavyaren klasikotasunetik oso gertu. Idi Bihotzek historia azkar laburbildu du. 1999ko udaberrirako euren bigarren lan luzea prestatu digute, "Arimaerratu" izenburupean.
Aurreko lanean ez bezala, "Arimaerratu" diskoa kolaborazioz gainezka datorkigu. Pedro Noraezean gitarran aritu da "Amalur" kantan eta kantu berean Gorka Berri Txarrak taldekoak pianoa sartu du. Andoni The Trasten Trasten eta Brigi Koma ahotsak sartzen ibili dira "Gaztemina" abestian. Julen Subliminalek bateria jo du "Marierrauzkin" kantan. Nico Garciak baxua sartu du "Zure kemena" kantan, Miguel Aizpunek teklak erantsi dizkio "Lur" abestiari eta Haritz Larrua Trukek konponketak hartu ditu bere gain. Ez soilik laguntza horiengatik, Idi Bihotz taldearen ekarpena handia izan da. Trebakuntzak, zuzeneko jardunak, ikuspuntuaren bideraketak bultzatu dute disko jantzi honen ardatz nagusi izatera euren burmuinean dagoen metal arloa. Urrats luzea eman dute "Arimaerratu"rekin. Albaro baterijole berriaren zartada nabariagoa da oinarrietan eta honek kutsatu du diskoaren indar kolpea. Indarra aipatzean ez da soilik potentzia, badira giro metalzale horien barruan melodia eta lelo biribilak ere, bonbo bikoitzeko uneak eta balada zastadak. Metal klasikoaren arrasto gordinaren taupada biziak. Elkarlanean estudioetan grabatu da 1999ko otsailean Cesar Ibarretxe eta Haritz Harreguy zirela soinu teknikari. Estudioaren babesean atondu dira abestien barruko giroak eta eskertzeko soinua bilatu dute. Bat baino gehiago zur eta lur geratuko da Idi Bihotz berri hauek entzutean.
"Arimaerratu" disko konzeptuala dela esan daiteke hitzei bagagozkie, Euskal Herria baitute hizpide oro har (herrimima, Amalur, Gernika...). Gero gai horri erants diezazkiokegu alboan daramatzan arazoak (gazteriaren aldarrikapena, ekologiarekiko ezinbesteko portaera, emakumeari buruzko gogoeta, gizarte desberdintasuna, Lehen Mundua,...). Euskarari ez diote muxin egin oraingo honetan ere eta horregatik darabiltzate batua zein bizkaiera; bukatzeko diskoko hainbat hitzetan esku hartu duen Juanjo Gasconen beste bertso bat sartu dute. Azala Andoni The Trasten Trastenekoak gauzatu du.
Estreinako herriaren taupadak oihu kementsu bilakatu dira, hala nola "Nigandik ihes" edo "Amalur" (guk proposatu nahi dizugun single adierazgarria), eta alderik melosoena hartu nahi badiozu diskoari, "Zure Kemena" edo "Marierrauzkin" dituzu.
Albaro: Bateria
Gorka: Gitarra eta ahotsak.
Iban: Baxua.
Mikel: Gitarra, ahotsak eta ahots nagusia.

IDI BIHOTZ
"Negarraren amorrua"
Mikel eta Gorka bi anaien ekimenak hauen lehengusu Ibanen laguntzarekin, 1996ko udan Bilboko Basurto auzoan eman zioten hasiera Idi Bihotz taldeari. Hastapenak ez zuen izan etenik eta urte berean (1996an) Neguriko rock lehiaketa irabaztearekin batera, euren lehen maketa grabatu zuten Carlos Creator-en gidaritzapean. Aipatutako maketa hori izan zen lehen diskoari, "Herriaren taupada", bizitza eman ziona, derrigorrezko aldaketak eta birmoldaketak egiteko berriro sartu ziren grabazio estudioetara beste lan txukun bat gauzatzeko. Disko hau 1997ko udazkenean argitaratu zen. Beraien heavy filosofia rock ukituko kantu batzuekin nahastu zuten, baina beti eta betiko heavy izaten segituz, noski. Bateria aldaketarekin etorri zen Albaro eta "Arimaerratu" diskoa 1999ko udaberrian. Heavyaren zutabe nagusi eta klasikoari oratuta alde guztietatik. Bigarren lan honek espazio eta entzule ugariago ekarri zizkion taldeari eta Bilboko Aste Nagusian, Gas plazan jo zuten jendetza izugarriaren aurrean. Taldea, bistan da, goraka doa eta orain hirugarren lan luzeari buruz hitz egiteko tenorea iritsi da. Hemen daukagu "Negarraren amorrua".
"Negarraren amorrua" 2000ko irail eta urrian zehar grabatu da Cesar Ibarretxe soinu teknikari dela eta diskoaren konponketak, gitarra solo batzuk, produkzioa eta nahasketak Haritz Harreguy "Sen" taldekoak egin ditu Elkarlanean estudioan. Haritzen lana ezinbestekoa suertatu da taldearen soinu-irudi berrian. Heavy klasikoan edo heavy melodikoan zeharo murgilduta dago Idi Bihotz berriro ere, nahiz eta soinu urratuagoa, latzagoa eta abiadura handiagoa duen tarteko. Diskoa bortitzagoa da momentu zehatzetan, gogorragoa. Soinu sendoagoa du aurrekoarekin konparatuz. Gitarrek zorroztasuna islatzen dute, baina galdu gabe "alemandar" heavyaren erraztasuna leloak jaurtikitzeko eta biribiltzeko. Melodiaren zirrara Mikelen ahotsean; Gorkaren gero eta laguntza handiagoa du horretan. Leloen alaitasunak kontrastea egiten du taldeak diskoari eman dion seriotasun puntuarekin. Seriotasuna soinuan eta baita hitzetan ere. Lan horretan Juanjo Gascon, Lander Arrasate eta Mikel bera ibili dira. Hitzak sakonak dira, existentzialismoaren bidesaritik igarotzen direnak Bizkaiera erabiltzen dute, batez ere. Hitz mardulak eta trinkoak, gizarte zelatari honen irudiak begi kritikoarekin aztertzen dituztenak. Maitasunaren deia ezin ahaztu. Gonbidatu mailan, Aitor Abiok (PLT) teklak jo ditu "Maitasun bailitzan" baladan eta teklak eta ahotsak "Negarraren amorrua" kantuan zeinetan antzeman daitekeen ikutu elektronikoa lehen zatian. Noraezean taldeko Haritz "Blu" Urrutiak baxua jo du "Otsoen habia" abestian. Diseinua Juanma Aramendik egin du eta diskoaren seriotasuna ederki konzeptualizatzen du.
"Negarraren amorrua" edo mugimenduaren desioa ez da inertziaren desioa soilik, geratzen dena nola datorren ikustekoaren desioa ere bada. Diskoko kantu bat Kolonbian indar paramilitarrek hildako Iñigo Egiluz-i eskainia dago, Idi Bihotz taldearen jarraitzaile sutsua zenez.

ritxi aizpuru
Albaro Alonso: bateria eta ahotsak
Iban Huarte: baxua eta ahotsak
Mikel Barba: ahots nagusia eta gitarra
Gorka Barba: gitarra eta ahotsak

IDI BIHOTZ "Infernuaren azken hauspoan" bideoa.
Hiru disko zein baino zein bikainago egin ondoren, bideoaren grina sartu zaio bilbotar laukoari. Buruhauste izugarria suposatu du bideoaren ekimen honek. Indar handiak inbertitu dira bideo profesional hau kaleratzeko.
Gogoratu lehen ahalegina Bilboko Kafe Antzokian egin zela, baina jende uholdea joan zen kontzertura eta han hartu ziren irudiek ez zuten ezertarako balio izan (beno, agian bai, zeren eta kamerek ongi erakusten baitute nork lapurtu zien gitarraren pedalera). Nabari geratu zen Bilbon arrakasta itzela duela taldeak. Beste saio batzuk bertan behera geratu ziren bidean eta azkenean urriaren 11n Basauriko jaietan, dena ongi antolatu ondoren, bideoaren bizkarrezurra izango zena grabatu zen.
"Infernuko azken hauspoan" bideoa egiteko lau kamera mugikor eta beste bat finkoa erabili ziren, eta irudien postproduziora pasatu zen gero. Lan hau guztia Donostiako Darwin ekoizlearen esku geratu zen. Irudiak nahastu behar ziren doinuarekin eta arlo hau Natxo Liberty eta Mikel Bilbaoren ardurapean utzi zen.
"Infernuko azken hauspoan" bideoak 20 abesti ditu eta bertan Idi Bihotzek argitaratutako hiru diskoetako abestiak aurki ditzakegu. Basauriko grabaketa izan da, lehen aipatu bezala, bideoaren bizkarrezurra, baina honi erantsi behar zaizkio 1999 ko Bilboko aste nagusian Gas Plazan hartutako irudiak ("Marierrauskin") edota 1997an "Herriaren taupada" abestiarekin eginiko bideo klipa. Zuzenekoa tartekatuz disko baikotzeko "maiking off"-a agertzen zaigu "Idibi 1997-1999 Ametsen lapurrak" eta "Idibi 1999-2001 Munduaren zilborra" abestietan. Kantu hauetan taldearen irudi intimoak eta etxetiarrak erakusten dizkigu Idi Bihotzek. Kolaborazio mailan Pedro "Flyin Freak" eta Aitor Abio "PiLT" ditugu "Amalur" eta "Amorrua" kantuetan.
"Kaixo" abestia Delirium Tremens taldearen bertsioa da. "Eusko gudariak" kantaren bertsio heavya ere ikus daiteke.
Bideo interesgarria Idi Bihotz taldearen eskarmentua ezagutzeko. Hauen heavy melodiko klasikoa edo alemandar erako estiloa bistan dago. Melodia sarkorrak, lelo apainduak eta abiadura handiko pasarteak. Idi zale guztien zoramena dakarren bideoa da "Infernuaren azken hauspoan". Hori espero dugu eta horixe desiratzen dugu.

Albaro: bateria eta koruak
Iban: baxua eta koruak
Gorka: gitarra eta koruak
Mikel: ahotsa eta gitarra

ritxi aizpuru.

IDI BIHOTZ
"Amaigabe berria"

Hemen entzun eta irakurriko duzuena uraren gaiaren inguruan dago eraikia. Ura ibaian bezala, beti badoa, dena doa, ura badoa, eta hori denbora da. Bestalde, hortxe dugu suaren gaia eta lipar bateko distiraren gaia, eta hori da iraultza, izpiritu askea, jarrera, gaztetasuna, maitasuna, ukazioa bere gauean, deabrua eta guda, eta baita burutu gabeko eginkizuna ere, eta horra doaz gizakiak hiltzera. Baina munduko gau honen desira ere bada. Sua daraman denboraren ura geratzen da ordea eta honek hori itzali egiten du. Suaren denboraren indarrean zihoazenean gauzak zihoazela, ur lasterrek ito zituzten bira-biraka genbiltzala gaueko gaztetasunean. Honek hasiera eman zion ordutik aurrera amaigabe berriari. Beraz hasieratik hastea bezalakoa da.
Musikan eta bereziki heavy musikaren barrenean sartu zirenean, atea kox-kox jo eta hortik aurrerakoa eurek uste zutena baino "errazagoa" izan da, baina beti bere zailtasunean... Ez dira urte gehiegi igaro taldea sortu zutenetik (1996), baina dagoeneko abesti eta lelo interesgarri ugari idatzi dituzte. Orain, hemen datorkigu Idi Bihotz Bilboko taldearen laugarren lan luzea. Idi Bihotz, azken urteetan, Euskal Herriko metalaren zeruan argi eta distira ikusgarriaz nabarmentzen ari da. Metalaren pozerako dator "Amaigabe berria", eta hau diogu oinak oinarri sendoetan ditugula. Idi Bihotzek duen metalaren ezaugarrien ezagupen bikain bati eta jarrera sortzaile bati esker, hauen kantei boterea, garra eta gustatzeko xarma.darizkie Horrela eta horregatik segitzen dute kantu hauek amaigabeki laztantzen gure denboraren sua eta ur lasterren kolpea.
Hasierako kantuen haize freskoak erakarri gintuen, baina haize bolada fresko horrek berean darrai eta honi gehitu dioten heldutasunak, ezagupenak eta sortzeko gaitasunak lan sendo bat aurkeztera garamatzate. Kantuaren magia edota kantuak duen erakartzeko dohaina Idi Bihotzen osagaietako bat da. Beste dohaina, jardun eta jardun ibiltzea da, beti bira-biraka gaueko gaztetasunean, beheraka doazen ur lasterren aurka.
"Amaigabe berria" Andoaingo Garate estudioetan grabatu eta nahastu du Haritz Harreguyk 2002ko urri eta azaroan, eta masterizazioa Elkar estudioetan egin dute Cesar Ibarretxek eta Harreguyk berak.
Arestian esandako laugarren disko honen freskotasuna eta heldutasuna bi osagai berritan antzeman dezakegu. Alde batetik, orain arteko metal edo heavy melodiko eta klasikoari gogortasun puntu bat jarri diote. Bonbo bikoitzaren taupada thrash-aren ildotik doa, eta sendotasun hori diskoan zehar mantenduko da. Kolpearen eta abiaduraren areagotzea. Baina gogortasun hori, bestalde, bai mantentzeko zein, era berean, baretzeko -eta hortxe dago "Amaigabe berria"ren zaletasuna, sua eta ura biak bateratzea- teklatuak erabili dira. Oinarri gogorraren gainean kulunkatzen doaz etenik gabe leloak; hots, power metala. Eskandinaviako metaletik jasotako altxorra da Idi Bihotzek erabili duena eta emaitza, zinez, borobila da, batez ere koruak inoiz baino ederkiago landu direlako. Hirukoan dago koxka nagusia: teklak, bonboen gogortasuna (thrash-a) eta koruak. Doinuen gorakadak klimax itxurako hogeita lau orduko eguzki azpira garamatza edo beste hogeita lauko gauera. Eskandinaviako puntan gaude. Dena da posible. Musu lizunak zurbil eta bare uzten duen modura eragiten du Idi Bihotzen "Amaigabe berriak".
Hona hemen diskoak izan dituen laguntzaileen zerrenda: Maria Solinisek ahotsa sarrerako abestian: "Zeruak ez duenean entzun nahi". Teklak Jimmy Ulaciak sartu ditu. Iker Piedrafitak cubasea landu du. "Aitittek"k punteoa "Idazkien ametsa" kantuan.
"Amaigabe berria" diskoko hitzek "continuum" bat daukate. Gazte batek gauero izaten dituen ametsak idazten ditu; ametsak, ordea, errealitate gordinaren pasarteak dira, nahiz eta era metaforiko eta sinbolikoan idatziak diren. Gai nagusi bezala erlijio eta kultura desberdinen arteko gatazka azalerazten du, eta hau gatazka politikoa bihurtzen da beti. Metaforak, sinboloak eta errealitate gordina uztartzen dira benetakoak bihurtuko diren ametsetsetan. Juanjo Gascon, Lander Arrasate eta Mikel "Idi" ibili dira aipatutako testuak idazten. Testuek kutsu literario nabarmena dute.
Diskoak badu Cd-rom bat non testuak gaztelerara, ingelesera eta frantsesera itzulita dauden. Cd-rom berean grabazioan zehar ateratako 30 argazki daude.
ritxi aizpuru
2002ko azaroaren 22a

Albaro Alonso: bateria eta ahotsak
Iban Huarte: baxua eta ahotsak
Mikel Barba: ahots nagusia eta gitarra
Gorka Barba: gitarra eta ahotsak

"Herriaren taupada" (1997)
"Arimaerratu" (1999)
"Negarraren amorrua" (2000)
"Amaigabe berria" (2002)


http://www.idibihotz.com

 Taldearen diskoak
· ODOLA SUTAN
· AMAIGABE BERRIA
· HERRIAREN TAUPADA
· NEGARRAREN AMORRUA