OIHUKA diskoetxea Euskaraz
Castellano
English
Français
Nobedadeak Albisteak Kontzertuak Taldeak


 Bilaketa

   
Egilea Izenburua Bietan
 
punk
punk
rock
rock
metal
metal
rock-jaia
rock-jaia
blues
blues
rock-pop
rock-pop
reggae-hiphop
reggae-hiphop
hard
hard
techno
techno
sampler
sampler

  Oihuka Diskoetxea
  Portuetxe kalea, 88 bis
  20018 Donostia (Gipuzkoa)
  Telf. 943 310267
  Fax. 943 310216
  oihuka@oihuka.com

  Elkar Fundazioa

  GATIBU

GATIBU ROCK
GATIBU

DISKO INFERNU

Gatibu taldea dagoeneko Euskal Herriko musika historian sartuta dago. 2002an sortu zen Gatibu Gernikan eta urte bereko ondarrean, abendu hasieran, aurkeztu zuten euren lehen diskoa "Zoramena" (Oihuka). Izenburuaz gain, lan honek izugarrizko eromena sortu zuen zaletuen artean. 20.000 disko saldu zituzten eta kontzertu andana eta jendetsuak eman ondoren 2003an, bigarren diskoaren prestaketan sartu ziren buru belarri. Puri-puri eta gori-gori atera zaie: "Disko infernu".
Gatibu taldearen bigarren diskoa (Disko infernu) kolore anitzekoa eta, gainera, kolore horien atzetik ibili da. Lehen diskoa oso populista zen; hots, lehen entzunalditik buruan geratzen zitzaizun iltzaturik. Lan berriak baditu aurrekoaren ukituak, baina osatuagoa dator. Erabili duten konzeptua desberdina da, nahiz eta diskoa rockaren inguruak borobiltzen dituen. Oinarri eritmikoak laguntzaile finak bilakatu dira. Gaizka bateriajotzaileak eta Mikel baxujotzaileak zuzen daramate Gatibu taldearen indarra. Gitarretan soma daiteke aor amerikarraren eragin txiki bat eta beste soinu batzuen atzetik doa Haimar. Ez dago esperimentaziorako gogorik, baina tartea egin zaio bihotzak esaten zuenari. Alex erregistro berriekin sartu da. Bere betiko ahots sendo eta sarkorra badarabil ere, tenpo erdiko abestietan ahots melosoak eta xuxurlatzaileak goxo-goxo jaurtitzen ditu.
Gatibu taldearen "Disko infernu" 2005eko urtarrilean hasi ziren grabatzen eta martxoan bukatu dute. Aurreko diskoan gertatu zen bezala, orain ere Iñaki Uoho musikariaren (Platero y Tu, Extremoduro) eta soinu teknikariaren Muxikako Pertika estudioan grabatu da eta beraren esku geratu da produkzioa, laguntzaile "Txortx" Etxebarrieta izan delarik. Masterizazioa Floridan egin du Bob Katz amerikarrak. Diskoa han grabatu izanak, eta kontuan hartuta denak oso lagun minak direla, izan du eraginik. Laguntzaileen zerrenda luzea da, baina lehen esan bezala, lagunartean egin dute. Norbait aipatzekotan Robe Extremoduro aipatuko dugu, berriro euskaraz abestu duelako.
Gatibu taldeak utzi digun "Disko infernu" diskoko hitzak bihotza, maitasuna, sentimenduak, homosexualitatea, sustraiak eta nazioarteko elkartasunari ari dira begira. Xume, zuzen eta garbi idatzitako abestiak dira.
1.- Kolore gehiagoko diskoa da "Disko inpernu". Zer dela eta?
Bisixe zorionez betetako, koloriek derrigor behar direlako. Eta koloriek dagozan lekuek askos be alaiagoak direlako.
2.- Lehen diskoaren arrakasta ikusita (20.000 ale salduta), ez duzue
beldurrik bigarrenarekin (kantuen sormena, salmeta)
Beti ukitzen da arimagoko diskoan saldutako ale kopuru hori gainditzeko gogoa, baina beti egoten da bilurre eta ardurie kopuru horretara ez heltzeko.
3.- Zuzenekoetan profesionalizazio puntu handi batera iritsi nahi duzue.
Bai, seriotasun baten barruen lan egin behar da. Seriotasun horrek eroatzen gaittu profesionaltasun puntu hori lortzera.

ritxi aizpuru (2005eko apirilaren 28an)


ZORAMENA

Alex Sarduiren inguruan musikari lagun batzuk ideia desberdinak jorratzen hasi ziren. Kantek poliki-poliki itxura bildu zuten. Prozesu hau milaka aldiz errepikatu da talde baten sorreran. Gernika aldeko jendea batu da proiektu honetan eta 2002ko udan Gatibu izena hartzea erabaki zuten. Alexen "itzulera"ren berri izan ondoren, jakin-mina sortu zitzaidan. Neure buruari galdetu nion: zertan ote dabil Exkixu taldeko kantari ohia? Kantuen nondik norako txukuna entzun eta ikusita, hortik zerbait dotore eta eraginkorra aterako zela oso argi zegoen. Haimar Arejita gitarra klasikoan lizentziaturik dago. Talde desberdinetan jo izan du (Frik, Noiz? eta Einbigu) eta Jon Enbeita bertsolariaren "Paperetik plazara" emanaldietan parte hartu zuen. Gatiburen bigarren zutabe nagusia da Haimar. Mikel Caballero baxuaz eta samplerraz arduratuko da; gitarra elektriko irakaslea, "Cartoon Project" eta Noiz? taldeetan egon da. Gaizka Salazar Gernika inguruetakoa ez den bakarra, Bilbokoa da; perkusio klasikoa ikasten dabil, eta "Einbigu", "Frik" eta "The Rabid Harpy" taldeetan jo izan du orain arte.
Gatiburen musikak bi oinarri sendo ditu bere doinuen egitura eraikitzeko. Alde batetik, gitarrak, eta, bestetik, ahotsak. Oso disko gitarrazalea da "Zoramena". Bazter guztietatik agertuko zaizkigu gitarrak, eta hauek badakite noiz izan behar duten gogor eta noiz goxo. Kantuen zamari gitarrak eusten dio eta gauza guztien abiapuntu izatera iritsiko da; berak markatuko ditu une indartsuak eta une lasaiak; Gatibu "orkestrako" zuzendari lanak betetzen dituela esan liteke. Beste aldean, ahotsak daude. Segituan erakartzen dute entzulearen arreta. Ahotsen leloak lilurarazleak dira, gatibatu egiten dute eta, horren eraginez, derrepentean kantuarekin bat egiten duzu konturatu orduko.
Gatibu rock esparruetan mugitzen da. Sentipen desberdinen koloreak hartuko ditu. Beroa, hotza, alaitasuna, tristezia, ekintzaile, nareatzaile, festazale, hausnarketazale. Bizitzak dituen gorabeherak batzen dira Gatibun.
Gatiburen "Zoramena" honek oso garrantzitsua bilakatzeko osagai asko baditu ere berez, disko honen tenperatura pilo bat igotzen da laguntzaile zerrendari erreparatuz gero. Robe "Extremoduro" eta Fito "Platero y Tú" kantari ditugu abesti banatan, eta honi erantsi behar zaio egiten dituzten koruak. Robek (Mila doinu aidien) zein Fitok (Urepel) euskaraz abesteko erronkari eutsi diote, kantuek eta leloek preso hartu dituztelako. Hasieran koruak baino ez zituzten egin behar eta azkenean Gernikako euskaran jo ta su dihardute. Batizek, botilero lanak egiteaz gain, koru mordoa sartu ditu. Iñaki "Uoho"k hammond organoa jo du eta baita hainbat koru sortu ere. Bi abestitan albokaren doinuak daude, Iñigo Ibarretxek jotakoak.
Diskoa 2002ko uda eta udazken partean grabatu da Iñaki Uohoren estudioetan. Iñaki eta Batiz izan dira grabazioaz arduratu direnak, Beñat Agirre laguntzaile zutela, eta Gatiburekin batera burutu dituzte nahasketak.
Testuak, lehen esan bezala, Gernikako euskalkian daude idatzita. Maitasuna, desira, pasioa, askatasun gogoa, iheslariak, gai politikoak denak datoz diskoak dituen hamar abestietan. Era errazean daude idatziak eta horrek balioa handitzen dio.
Disko bikain baten aurrean gaude. Zirrarari baino ez dio uzten zirrikiturik. Behin eta berriro entzuteko diskoa, gogoak esnarazten dituena. Zoramena da. Zoratuko gara.

ritxi aizpuru
2002ko azaroaren 29a

Mikel Caballero: baxua eta samplerrak
Gaizka Salazar: bateria
Haimar Arejita: gitarra elektrikoa eta akustikoa
Alex Sardui: ahotsa


http://www.gatibu.net

 Taldearen diskoak
· DISKO INFERNU
· ZORAMENA